Takoidun zapata gorria

 

[DOSSIER OSOA]


Argiak itzalita dauden bitartean, edozer da posible. Nahi bezain garaiak izan gaitezke, zeruko hodeien zuri samurra hatz-puntekin ukitzeraino. Nahi bezain apalak izan gaitezke, oinpean aurkitzen ditugun zulo tipi guztietatik ihes egiteko. Eta nahi bezain libreak izan gaitezke, buru, beso eta hanketan haririk lotuta ez daukagula sentitzeko, gure kabuz higitzeko, nahikeria hutsez hara joan eta itzultzeko, joan eta itzultzeko, joan eta berriro sekula ez itzultzeko.

Ilunpea da txotxongiloen territorio libre bakarra.

TAKOIDUN ZAPATA GORRIA KARTELA (handia)

Takoidun Zapata Gorria 20 minutuko iraupena duen antzezlan labur bat da, Piszifaktoria Ideien Laborategitik sortu den bigarren proiektua. Ezohiko gunetan erakusteko obra bat da, ez baitu eszenatoki baten beharrik (nahiz eta eszenatokirako ere moldagarria den). Hartara, antzez-ekintzaren barruan egoteko eta ekintza bertatik bertara bizitzeko aukera ematen zaio publikoari, lanaren pieza bat gehiago balitz bezala.

Gainera, arnas laburreko antzezlana bada ere, lan handien modura pentsatua eta mamitua dago. Horren erakusle da, esate baterako, lau antzezleren lana ikusteko parada izango dugula, bai eta askotariko arte-diziplinak ere: zuzeneko musika, dantza, rapsodia…

Txotxongilorik eta irratirik gabeko txotxongiloen irrati-nobela bat da Takoidun Zapata Gorria. Garai bateko irrati-nobelen giroa berreskuratu dugu, gabardina eta kapelaz jantzitako detektibeekin, tabernetako giro lohiarekin, porroten itsasoan hondoratutako dantzariekin eta pianoaren musika apur bat dekadentearekin.

Takoidun 2

FITXA ARTISTIKOA:
_Anuska Irisarri: igor arzuaga
_Lili Etxekopar: haizea paris
_Luzien Etxegoien: jabi de la ydalga
_Idazlea: mikel ayllon

_Zuzendaria: pablo ibarluzea
_Gidoia: mikel ayllon

_Karakterizazioa: maite gutierrez
_Jantziak: truca rec

Iraupena: 20 minutu

Lan honek Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren laguntza jaso du.

Estreinaldia: 2017ko urriaren 28an.

Mutimedia.

hedabideetan