Maskararen azpiko karmina

(Pandemia sasoietarako audiogida bat)

Obra hau soinu-esperientzia bat da.

Pandemiak gure mugimenduak eta gure aurpegiak mugatu ditu. Maskaren azpian ezkutatu behar ditugu orain sudurrak, masailak, ahoak, kokotsak. Ia berdindu egin gaituzte denak. Baina, zer dago maskara horien azpian? Nor da inguruko jende hori guztia? Norenak dira begi izutu horiek? Nora begira daude?

Mesfidantzaz so egiten diogu orain gure inguruari. Maskaren azpian karminez pintatutako edozein aho izan liteke gurea. Eta gu beste edozein izan gintezke, kale jendez beteriko horietan.

Izan ere, ia dena itxi diguten garaiotan, kalea berrasmatu behar izan dugu: iragate hutserako paisaia ezezagun izateari utzi eta gure bizipenen agertoki bihurtu dugu. Orain, harriduraz begiratzen diegu itsasadarraren gainetik hegaka igarotzen diren kalatxoriei, dorre erraldoietako leihoen atzean zer gertatzen den irudikatzen ahalegintzen gara eta orekari eusteko lanak hartzen ditugu zubietatik igarotzen garenean.

Kaleak adierazpide artistikorako espazio bihurtu ziren aspaldi. Orain, baina, gure bizitzak fikzionatzeko ia ez zaigu beste lekurik geratzen.

Pandemia sasoietarako propio sorturiko ikuskizun bat da hau, kalean eta bakarka bizitzekoa, kaleaz eta bakardadeaz gogoeta egiteko.


FITXA ARTISTIKOA

_Gidoia eta ahotsa: mikel ayllon

_Soinu-giroa eta ahotsa: irati onaindia

_Musika: igor arzuaga

_Irudien diseinua: iker alcántara


Iraupena: 30 minutu.

Estreinaldia: 2021eko martxoaren 9a, Bilboko Loraldia jaialdian.


HEDABIDEETAN

https://www.eitb.eus/eu/kultura/bideoak/osoa/7916190/bideoa-loraldiak-maskararen-azpiko-karmina-audiogida-aurkeztu-du/