Artearen diziplina desberdinetan aritzen diren bi artistak (Igor Arzuagak eta Mikel Ayllonek) 2015ean sorturiko esperimentazio taldea da PISZIFAKTORIA. Hain zuzen ere, artearen adierazpide desberdinen arteko mugak ikertzea eta begiratzeko, esateko eta adierazteko modu berriak bilatzea dira gure laborategian prestatzen ditugun edabeen helburua.
Taldearen ikerketa eta sormen-lanaren lehen fruitua Mara feat. Milay (ipuin musikatua) izeneko obra izan zen. Ikuskizun horretan, musika, marrazkiak eta hitzak josi genituen, hainbat hari zituen helduentzako ipuin bat sortzeko.
Laborategitik atera dugun bigarren lana Takoidun zapata gorria antzezlan laburra da, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren laguntza jaso duen obra. Ezohiko antzerki pieza bat da, hainbat diziplina nahasten dituena (zuzeneko musika, dantza, rapsodia…), gure laborategian ohikoa den moduan, eta ezohiko lekuetan egiteko pentsatua.
Hirugarren lanak, aldiz, Elkar ezagutu genuen eguna izena du. Beste behin ere, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren laguntza jaso dugu proiektu hori aurrera ateratzeko. Antzezlan labur bat da, zoriontasunaren lur irristakorretan barrena eramango gaituena. Esperientzia akustiko eta bisual berezi bat da lan hau.
Igor Arzuaga Gumuzio (Laudio, 1976)
Musikariz betetako familia batean jaio eta hazi zen. Txiki-txikitatik, beraz, harreman estua izan zuen musikarekin, eta musika-tresna ugari jotzen ikasi zuen: soinua, soinu txikia, pianoa, gitarra, baxua, txistua… Horrez gain, musikoterapia ikasketak egin ditu.
Gaztaroan, horren bogan zegoen punk-rock estiloko taldea sortu zuen hainbat lagunekin batera. Une Latzak izena zuen talde hark, eta zabalpen handiko maketa bat grabatu zuten. Garai horretantxe, Exkixu talde bizkaitarrean soinu txikia jotzen ere aritu zen hainbat urtez, eta geroago baita Mikel Urdangarin bakarlariari laguntzen zion musikarien taldean ere.
Bakarka ibilbide luze eta oparoa ondu du. 2000ko hamarkadaren hasieran, bi disko grabatu zituen Gaztelupeko Hotsak diskoetxean: Argi izpi bat (2002) eta Smog (2004). Hamarkada horren amaieran kaleratu ziren Politburo Recording Fiasco diskoetxean Mara ezizenarekin grabatu zituen beste bi diskoak: Lagun Eroa (2008) eta Unibertsoa Gu (2008). Beste artista batzuekin batera egindako lanaren fruitu dira beste bi disko: Mara Mara, Luis Vilekin (Gaztelupeko Hotsak, 2011) eta Llegará, Nieves Arillarekin (Gaztelupeko Hotsak, 2013). Bakarka kaleratu dituen azken lanak Experience (Gaztelupeko Hotsak, 2013) eta Nere Begiak (Gaztelupeko Hotsak, 2017) dira.
Mikel Ayllon Corral (Laudio, 1980)
Itzultzailea da ogibidez.
Oso gaztetatik piztu zitzaion literaturarekiko zaletasuna, eta oraindik nerabe zela hainbat literatur lehiaketa irabazi zituen (tartean Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Urruzuno literatur lehiaketa, hiru urtez).
2005ean argitaratu zuen Txalaparta argitaletxean (lau eskuz idatzitako) bere lehenengo liburua, Gerezi gorrien garaia, garai hartako gertakari politikoei buruzko kronika. 2013an, aldiz, Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen, eta hari esker, 2015ean argitaratu zuen bere lehenengo nobela Elkar argitaletxean: Ez tiro egin anbulantziei.
2020an Getxoko Ramiro Pinilla nobela laburren lehiaketa irabazi zuen, Hanka hautsiak lanarekin, bai eta Donostia Kutxa Literatura Saria ere, Elkar argitaletxeak kaleratu duen Zoriontsuak izatea aukeratu genuen ipuin-bildumari esker. Horrez gain, Bilbo, Donostia eta Gasteizko antzokiek antolatzen duten Dramaturgia Berriak izeneko programan hautatu zuten.