Artearen diziplina desberdinetan aritzen diren bi artistak (Igor Arzuagak eta Mikel Ayllonek) 2015ean sorturiko esperimentazio taldea da PISZIFAKTORIA. Hain zuzen ere, artearen adierazpide desberdinen arteko mugak ikertzea eta begiratzeko, esateko eta adierazteko modu berriak bilatzea dira gure laborategian prestatzen ditugun edabeen helburua. Bidean konplize asko aurkitu ditugu, eta 2020an Irati Agirreazkuenaga batu zitzaigun arraintxoen laborategira.

Igor Arzuaga Gumuzio (Laudio, 1976)

Musikaria.
Musikariz betetako familia batean jaio eta hazi zen eta umetatik ikasi zuen musika-tresna ugari jotzen: soinua, soinu txikia, pianoa, gitarra, baxua, txistua… Horrez gain, musikoterapia ikasketak egin ditu. Une Latzak, Mikel Urdangarin edo Exkixu taldeetan jo du. Bere bakarkako ibilbidean, nabarmentzekoak dira Gaztelupeko Hotsak diskoetxean argitaratutako Argi izpi bat (2002), Smog (2004) edo Nere Begiak (2017) lanak. Mara ezizenarekin, bestalde, Lagun Eroa eta Unibertsoa Gu diskoak kaleratu zituen 2008an. Piszifaktoria Ideien Laborategia antzerki-konpainiako sortzaileetako bat da.
Mikel Ayllon Corral (Laudio, 1980)

Idazlea eta dramaturgoa.
Itzulpengintza eta Interpretazio Gradua eta Antzerki Ikasketa Aurreratuen Masterra ikasi zituen. Kronika liburu bat (Gerezi gorrien garaia, Txalaparta), Igartza Beka irabazi zuen nobela bat (Ez tiro egin anbulantziei, Elkar), Donostia Kutxa Literatur Saria irabazi zuen ipuin-bilduma bat (Zoriontsuak izatea aukeratu genuen, Elkar) eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren hiru antzezlan biltzen dituen liburu bat (Hau ez da gerra bat, Susa-Ganbila) argitaratu ditu. Horrez gain, hainbat antzezlan idatzi eta zuzendu ditu eta Piszifaktoria Ideien Laborategia antzerki-konpainiako sortzaileetako bat da.
Irati Agirreazkuenaga Onaindia (Bilbo, 1986)

Aktorea.
Komunikazioan doktorea da eta antzerki-arloko ikasketak ere egin ditu. Alanbike Teatro konpainiako sortzaileetako bat da eta talde horren hainbat lanetan parte hartu du, bai eta aktore lanarengatik zenbait sari irabazi ere. Antzerkiaz gain, telebistarako produkzioetan ere lan egin du. Gaur egun, Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideetako bat da eta konpainia horren lanetan parte hartzen du.