Ez ginen joan

Krabelinak

Ez ginen sekula joan.

Telefonoaren ondoan geratu ginen. Jotzen ez duenean, plastikozko traste horrek gorpu hotz eta isil bat dirudi. Baina sekula ez dio istorioak kontatzeari uzten. Jotzen ez duen telefonoa gure hanka-sartze eta miseria guztien bilduma bat da.

Mara feat. Milay Tourrari ekin genionean, krabelinen iraultzaren aspaldiko urteurren euritsu batean, azkena izango zela zin egin genion geure buruari. Ez genuela berriro beste biderik hasiko, ez genuela kanta gehiago joko mundua aldatzeko esperantzetan, ez genuela begiak tangoak dantzatzen jarriko ipuin gehiagorekin, ez ginela berriro maiteminduko.

Hasierak amaiera bat ekarri zuen, ezinbestean. Eta amaieran ohartu ginen ez genuela joan nahi. Zure ondoan egon nahi genuela beti. Artean ez genekien hasten diren gauzak besterik ez direla amaitzen. Amaieran konturatu ginen. Baina ordurako berandu zen. Ezin ginen berriro hasi.

Horregatik ez ginen joan. Horregatik geratu ginen telefonoaren ondoan. Amaieretan sinesteari utzi geniolako.

Eta bat-batean, zure mezua jaso genuen: “begira zer oparitu didaten gurasoen etxean”. Eta argazki bat.

Rayuela

Zuk ez zenekien, noski. Nola jakin behar zenuen! Baina guk azalean nabaritu genuen ziztada hura.

Besoa

Joelek eta Clementinek Eternal Sunshine of the Spotless Minden edo Louisek Arrivalen bezala, guk ere ondotxo dakigu dena gaizki aterako dela. Eta hala ere.

Bidea sekula amaitzen ez denez, hurrengo urratsa, otsailaren 2an, 20:00etatik aurrera, Mamarigako Kultur Etxean.

Kartela Mamariga

Utzi iruzkina